XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ni, asperdurak alde batera utzi eta, herabe, bertatik jarraitu eta aldean gelditu nintzaion.

Ez nintzen, ordea, hitzik zuzentzen ausartzen, baina saiatu beharko nuen nolarebait zerbait esaten, huraxe berbera baitzen, edo hala egiten zitzaidan une hartan behintzat, ene amets erotiko setatietan behin eta berriz azaltzen zen emakumea.

Ezin, bada, aukera hura galdu!

Emakumea, eskuturreko erlojuari begiratu eta, oraindik denbora sobera zuela egiaztaturik, komunerantz abiatu zen erabakiortasun irmoz.

Ni, nahiz eta amets goxo batean murgildua bezala egon, ez nintzen mantxoago ibili, eta tiento jarraitu nion.

Orduan, supituki eta oharkabean, herabetasun kronikoaren sintoma guztiak nigan islatu ziren: izerdi hotza eskuetan, gorritasun kiskalgarria aurpegian, idortasun jasangaitza ahoan, eta denetan gogaikarri nola ostenezinena zen gorputz dardarizoa ere ez zen tartean faltatu.

Baina, ondoez haiek eta guzti, neure ametsetako emakumea gizonezkoen komunetan barneratzen ikusteko bezain besteko abildadea izan nuen, eta poztu egin nintzen hagitz anderearen despistetxo tontoarekin, harexek ematen baitzidan parada, aitzakia, beregana hurbildu eta erlazio luze bezain sutsua izan bide zenaren lehen hitzak zuzentzeko.